Albisteak

 

Orduñako Ama Birjina Antiguakoaren Bederatziurreneko oharño musikal hauetan ezin dugu espreski aipatu gabe utzi Bederatziurren honen inguruko abestiak, hala noizbait entzun izan diren kantak nola gaur egun ere entzuten diren "Bederatziurrenaren kantak". Azken hauek bederatzi abestiz osaturiko bilduma dugu, eta hauen konposagile Pedro Fernandez de Aguirre organojolea izan genuen; abestien letra ezberdinei dagokienez, Tomas Gillin-ek, Santutegiko kapilauak, idatzi zituen. Josu Soldevilla Lamikiz organojolearen eta Judith de Ugarte Fdez. de Aguirre-ren lanari esker, aurten abestiak entzuteko aukera dugu sare sozialetan: Eskerrik asko bioi!!!

Hala ere, abesti hauen inguruan zuzenean berba egin aurretik, behinola arrosarioa errezatzen zen bitartean entzungo ziren koplen testigantza utzi gura dugu: misterioen txanda bakoitzak (pozezkoak, nekezkoak eta gloriazkoak) beretzako bakarrik zen melodia bat zuen eta misterio bakoitzak bere kopla; beraz, kanta hau erabiltzen zen hasiko berri zen misterioa iragartzeko. Esan behar dugu ez koplak eta ezta musika ere ez direla Orduñakoak bakarrik, 1931. urtean argitaraturiko Plana abadearen Selección de Cantos Religiosos Populares liburuan aurkitzen diren abestiak dira; hala ere, gaur egunean egiten ez bada ere, behinola Antiguako Ama Birjinaren Bederatziurrenean abesten zirela idatziz uztea garrantzitsua iruditzen zaigu.

Guztiarekin, mantendu egiten dira Pedro Fernandez de Aguirreren bederatzi kantuak. Letren egilea T. Gillin izan zela jakiteak lagun gaitzake erabakitzen abestiak noizkoak izango diren gutxi gora behera: abadea Santutegiko kapilau kargua hartuko du 1920. urtean eta bertan egongo da 1937. urtean hil zen arte, beraz, ondoriozta dezakegu abestiak denbora tarte hartan konposatuak izan zirela, Gerra aurretik ezbai barik. Abesti guztiek zati bi dituzte: "koru herrikoia" edo leloa batetik, eta hor espezifikoki esaten da lehenengo buelta ume-koru batek (tipleek) abes dezala eta bigarrenean herriak. Bestetik, egunaren arabera abeslari ezberdinentzat idatziriko estrofa bat dugu: egun batzuetan bakarralari batek abestuko du estrofa (1., 4., 5. eta 8. egunetan), beste batzuetan bi ahotsetara abestuko da (2., 6. eta 9. egunetan) eta azkenik tiple (= ume) eta ahots lodiko koru batentzat konposaturiko bertsoak. Gaur egunean emakumeak izan arren abesti hauek kantatzen dituztenak, jatorrian ez ziren emakumeentzat konposaturiko obrak, eta hau uler dezakegu garai hartan emakumeak ezin zutelako parte hartu elizako koruetan. 1955. urtean hasiko dira emakumeak honetako elkarteetan parte hartzen, beti ere nahikoa ume abeslari ez zituzten lekuetan.

Bitxikeria bi abesti hauen inguruan: lehenengoa da beredatziurrenean zehar melodiak errepikatzen direla, letra ezberdinarekin bada ere: 1. eta 5. egunek melodia bera daukate, bai eta 2. eta 8. egunek ere, azken hauetan estrofaren konpontzea ezberdina bada ere (2. egunean ahots bitara abestuko da eta 8.enean ahots bakarrera); era berean, 4. eta 7. egunek estrofaren melodia elkarbanatzen dute, leloaren musika ezberdina bada ere. Bigarren bitxikeria Urduñako parrokiaren egunean eguneango bizitzarekin erlazioa du; izan ere, ohitura bilakatu da bederatziurrenaren zazpigarren egun honi dagokion abestia (Tú que en la Antigua rezar me oíste) orduñarren hiletetan kantatzea, eskaintzen unean.

Bederatziurrenaren egun bakoitzaren musika entzun gura duenak Judith de Ugarte Fdez. de Aguirre-ren facebook kontuan aurki ditzake.