Albisteak

 

Gaurko egunean ez dugu hitz egingo Antiguako Andra Mariri eskainiriko obra baten inguruan, Txolope etxea deituriko biribilketaz baizik; hala ere, ikusiko dugunez, azkenean Birjinarekin lotuko den beste melodia bat bilakatuko zaigu honako hau ere.

Jatorrian, Txolope etxea biribilketa Pedro Fernández de Aguirrek konposaturiko obra bat da eta 1930. urtean dataturik dago. Egileak Txolope-etxea elkarteari eskaini zion, partitura originalak esaten duen legez, eta jatorriz txistu talde eta musika bandarako eginiko obra dugu. Txistuaren historiaren ikuspegitik, obra interesgarria da gidoi originalak duen detailetxo bategatik: 1930. urtean jada Pedro Fernandez de Aguirrek Fa soilean afinaturiko txistuentzat idazten du euren melodia (tradiziozko Fa# txistuen ordez), noiz eta Fa soilean afinaturiko txistuak “ofizialki” 70. hamarkadan sortzen direnean. Txistuak izango zituen aurrerapenak modu ia profetikoan ikusteak erlazioa izan dezake idazlearen eta, jatorriz urduñarrak ziren Manolo eta Joakin Landaluzeren, Bilboko Udal txistularien arteko adiskidetasunean. Hauek txistu-jole izateaz gainera txistu-egile ere baziren, eta 30. hamarkadan txistuak zituen aurreikuspenen abangoardian kokatuko ziren. Beste alde batetik, badakigu Manolo Landaluzeren beharragatik obra hau ezaguna zela Euskal Herriko beste txistularien artean: Arabako Foru Aldundiko txistulariek badute 1934. urtean dataturiko biribilketa honen partitura bat, Manolo Landaluzek kopiatu zuena.

Hainbat kontzertu eta grabazioetan biribilketa hau abesturik entzuteko aukera dugu, eta hemen da obra hau eta Antiguako Ama Birjina lotzen duen lokarria. Txarlazo mendiko monumentuaren 50. urteurrena ospatzeko egindako jaietarako, 1954. urterako, letra jartzen zaio, ziurrenik Rafael Madariaren ekimenez, hiriko bake epaile izan zena eta Orduñako historia musikalean oso sarturik egon zen pertsona. Mendian artaldea zaintzen dagoen artzain batek egiten duen kantua da honako hau, eta hortik Txarlazoko monumentua ikusten eta Ama Birjinaren babesa sentitzen du. Getxa Goi txistu taldeko Facebook-eko kontuan aurkituko duzue letra 1954. urtean argitaratu zen moduan, bai eta partitura ere.

Momentu hau aprobetxatu gura dugu irakurleei maiatzaren 8rako egin den deialdia gogorarazteko: Otxomaio egun hartan, eguerdiko 12:00etan, biribilketa alai hau entzun dadila hiriko balkoietan, eta gura duenak jo dezala instrumentuaz edo edozein perkusiorekin (https://drive.google.com/open?id=1aFY6SQ7teQW2jUvR8tb5FZTmfvtd52ad, hemengo loturan dituzue partiturak eta audioak deskargatzeko aukera). Era honetan, historiatxo honekin ateak zabaldu nahi dizkiegu kantariei ere, abestiari euren ahotsa gehitu diezaioten egun hartan.