Albisteak

 

Lehenengo egun honetan, Urduñako Ama Birjina Antiguakoari egindako Poz zaharren inguruko informazioa bildu du Getxa Goi Txistu Taldeak:

Santu eta Ama Birjina askok dituzte antzinako denboretatik kantatzen diren Pozak eta graziak, herriarentzako bedeinkapenak eskatzeko baita herritarrei mirakuluak azaltzeko ere. Antiguako Andra Marik ere bere Poz kantatuak ditu, eta ez bakar batzuk; aitzitik bi testu ezberdin ezagutzen dizkiogu, garai ezberdinetakoak eta melodia berezituekin. Modu honetan, Antiguako Ama Birjinari eskainitako "bederatziurren birtual" honetan ekarriko ditugun ohar historiko-musikalekin hasteko, aurkitu ditugun poz zaharrenen inguruan baturiko datuak (amaigabeak, inondik inora ere) ekarriko ditugu hona: 1883. urtean Jose Eugenio Uriarte abadeak bere Historia de Nuestra Señora de la Antigua (484-486. orr.) liburuan jaso zituenak.

Aita Uriartek idatziriko historiaren eranskin moduan kopiatzen ditu eta euren gainean informazio hau ematen digu "...esan digute oso zaharrak direla: esaten denagatik, gutxienez Imajina bedeinkatuaren aurrean abesten zituzten, ume zirenean, egun hirian agure izatera heldu diren batzuek"; hitz hauetatik ulertu dugunagatik eta liburuaren argitalpen urtea erreferentziatzat erabiliz, poz kantatu hauek gutxienez XIX. mendeko lehenengo erdialdera atzera ditzakegu.

Hemeretzi bertsotxo hauetan, jakulatoriez eta bere ontasunagatiko graziez gainera, Orduñako Ama Birjina Antiguakok egindako mirakulu ezberdinen zerrendatzea aurkitzen dugu (Iturrizaren hitzetan, Santutegian 104 margo zeuden mirakulu ezberdinak azaltzen), eta hauxe da, gure ustez, kopla hauen ekarpenik interesgarriena. Horrek lauko txikitan abesturiko mirakulu-bildumatxo batean bihurtzen ditu poz hauek, inguruko herrietan entzuten diren (ala ziren?) Andra Mari Antiguakoaren elezaharren bildumatxo batean, alegia: Urduñako Herensugea, preso askatua…

Kasu honetan, poz hauek ez ziren Ama Birjinaren elizkizunetan abesten (maiatzaren 8an, bederatziurrenean zehar…): Uriartek idatzitakotik uler dezakegu 1883. urtean ez zirela abesten, baina hogeigarren mende erdialdera arte abestu egiten zituzten, letaniak balira legez, hiriko eskoletako umeek Santutegira prozesioan igotzen zirenean. Dakigunagatik, 40 edo 50. hamarkadetan zehar abesteari utzi zitzaion, baina gure nagusien memoriari esker melodia gordetzea lortu dugu. Oraingoz, ezin dugu ziurtatu jaso dugun musikak zer nolako zaharra ote den, ez baitugu datu gehiagorik horren inguruan, baina gure iritziz nahiko antzinakoa izango litzateke. Melodia entzun gura duenak, txistuaren soinuaz entzuteko aukera du Getxa Goi txistu taldeko facebook kontuan.

Getxa Goi Txistu Taldea