Albisteak

 

Apirilaren 26tik aurrera, bost asteko konfinamenduaren ostean, 14 urtetik beherako haurrak kalera irten ahal izango dira, paseatzera edo ariketa fisikoa egitera.

Osasun Ministerioak ezarritako jarraibideen arabera eta egungo osasun-alarmako egoerarekin bat etorriz egin beharko dira irteera horiek.

Familientzat egoera hori kudeatzea zaila izan daitekeenez eta, batez ere, umeen osasuna ahalik eta gehien babeste aldera, arduraz jokatzeko beti eskatzen zaie herritarrei.

Osasun-agintariek adierazitako arauen arabera, haurrek heldu batekin joan beharko dute. Pertsona heldu bakoitzarekin, gehienez hiru adingabe joan ahal izango dira.

Irteerek ezin izango dute ordubete baino gehiago iraun eta etxe bakoitzetik kilometro bateko distantziara egingo dira gehienez, 09:00etatik 21:00etara bitartean.

Era berean, ezin izango da parkeetan eta bestelako jolas-guneetan egon, altzari publiko zein beste haur batzuekin kontaktua izatea saihestu behar baita. Garrantzitsua da umeei azaltzea ezin izango direla jolasguneetara joan, ezta lagunekin zuzeneko harremanik izan ere, baina distantzia batera elkar ikusi ahalko dutela.

Oro har, eta orain arte jakinarazi den moduan, komeni da eskuak ondo garbitzea etxetik irten aurretik eta ondoren; eskularruak eta maskarak ez dira nahitaezkoak izango.