Albisteak

 

Urduñako udal liburutegiak herritarren eskura jarri du etxez etxeko zerbitzua, liburutegiko kideek liburuak zein ikus-entzunezko materiala etxean jaso ahal izateko. Egun liburutegiko liburuak etxean dituzten pertsonek horiek itzultzeko aukera izango dute sistema honen bidez.

Eskaerak liburutegia@urduna.com helbide elektronikoan edo 688 76 01 56 WhatsApp zenbakian egingo dira. Mezuan, ondorengo datuak zehaztu behar dituzte: izen-abizenak, NAN zenbakia, helbidea, harremanetarako telefonoa, liburuaren izenburua eta egilea.

Era berean, 945 38 30 03 luz.53 telefonora deituz egin daitezke eskaerak, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara.

Urduñako liburutegian dauden liburuak maileguan egongo dira. Oraingoz ez da onartzen liburutegien arteko trukea.

Gainera, liburu berrien fitxategia eskainiko da eta WhatsApp bidez edo emailez eska daiteke. "Liburubila"rako esteka ere izango dute eskura erabiltzaileek, hiriko liburutegiak eskaintzen duen katalogoa ikusteko: www.liburubila.euskadi.eus

Banaketa prozesua

Materiala banatzeko eta biltzeko orduan segurtasuna bermatze aldera, Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak 2020ko martxoaren 27an argitaratutako protokoloan oinarritutako hainbat urrats ezarri dira banaketako langileentzat.

Erabiltzaileek, eskaera jaso ondoren, liburuak datozen paperezko poltsa plastikozko poltsa batean gorde behar dute materiala itzuli arte. Bestela esanda, liburuak edo bestelako eskaerak jasotako paperezko poltsa berean itzuli behar dira.

Etxez etxeko lehenengo bisita bakoitzean, materiala erabiltzeko nahiz banatzaileekin harremanetan jartzeko azalpenak biltzen dituen orri bat banatuko da. Prozesuan zehar, oso garrantzitsua da eskuak garbitzea.

Aipagarria da uneoro errespetatu behar direla ezarritako segurtasun-distantziak -inoiz 2 metro baino gutxiago-. Koronabirusaren sintomak izanez gero, ezin da inoiz interakziorik izan banatzaileekin ezta ezer jaso.

Bestalde, banatzaileak artatzen dituzten pertsonen kopurua mugatuko da. Pertsona bakar bat jarriko da harremanetan banatzailearekin etxe bakoitzean.

Neurri higienikoak liburutegian

Liburutegiko mailegu-material guztia garbi dago gaur egun eta, liburuak edo ikus-entzunezko materiala itzultzean, desinfekzio-prozedura sakona gauzatuko da beti.

Langileek eskularruekin manipulatuko dute mailegu-materiala. Liburuak eta ikus-entzunezko materiala plastikozko ontzietan utziko dituzte lixibaz higienizatu eta gero.

Behin materiala itzulita, %70 alkohola eta %30 ura duen disoluzio batekin desinfektatuko dute, difusore baten bidez. Horren ostean, 5 egunez egongo da toki independente batean, dagokion liburutegiko apalera itzuli aurretik.

Materiala ezin izango da berriro mailegatu, gutxienez, 7 eguneko epean. Berriro banatzen denean, erabili eta botatzeko paperezko poltsa batean sartuko da erabiltzailearen izenarekin eta, itzultzeko orduan, liburua paperezko poltsa berean sartu beharko da.

Liburu zerrenda (PDF 1,97MB)