Albisteak

 

Covid-19 birusaren hedapenak eragindako osasun-larrialdiaren aurrean, Urduñako Udalak zenbait udal-tasen kobrantza geldiaraztea edo zenbatekoa deskontatzea erabaki du, eragin ekonomiko negatiboari erantzuteko helburuarekin.

Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren kobrantza, adibidez, ez da martxoan egin, programatuta zegoen moduan, baizik eta ekainera atzeratu da.

Alarma egoera dela eta itxita egon diren Urduñako saltokiei estolderiaren eta hiri-hondakin solidoen bilketaren tasa deskontatuko zaie. Koronabirusak eragindako ohiz kanpoko egoera amaitu ondoren, Udalak kopuru hori itzuliko die.

Itxita egon behar izan duten egunak ordainagiritik kenduko zaizkie, bai alarma-egoera hasi zenetik (martxoaren 14tik) itxita egon diren negozioei, bai martxoaren 30etik funtsezko lantzat jotzen ez direlako itxi behar izan zutenei.

Ostalaritzako terrazen bidez erabilera publikoko lursaila okupatzeari dagokionez, urte osorako okupazio-tasa ordaindu duten establezimenduei, itxita egon diren aldiaren zenbatekoa itzuliko zaie.

Era berean, azoka ibiltariari dagokionez, ez da kobratuko instalatu ezin izan den aldia.

Sustapen ekonomikoa
Egoera horren ondorioak gehien jasaten ari diren sektoreak dinamizatzeko, Sustapen Ekonomikoko arloa ere lanean ari da. Helburu hori lortzeko ekintzak diseinatzen ari dira.

Bi bonu-denda kanpaina martxan jartzea aurreikusten da; lehena, konfinamendu-aldia amaitu ondoren, eta, bigarrena, udazkenean. Era berean, ostalaritza-sektoreari zuzendutako dinamizazio-ekintzak aztertzen ari dira, irekitzeko baimena duten establezimenduei begira.

Arlo horrek eskertu nahi du egunotan irekita dauden establezimenduak egiten ari diren lan handia, Urduñako herritarren beharrei erantzuna emanez, tokiko merkataritzaren balio ukaezina erakusten dute eta.