Albisteak

 

Urduñako egoitzan instalatu den bideo-deien sistemari esker, erabiltzaileak euren senideekin harremanetan jar daitezke. Familiek zein pertsona nagusiek bizi duten ziurgabetasun egoera arintzen laguntzen du neurri horrek, hirugarren adinekoen egoitza guztietan bisitak debekatu baitira.

Osasun Ministerioak nahiz Bizkaiko Foru Aldundiak adinekoen osasuna zaintzeko helburuarekin ezarritako prebentzio-neurriak zehatz-mehatz lantzeaz gain, egoitzako langileek ongizate emozionalari eustea dute lehentasun; gaur egungo isolamendu egoeran funtsezkoa da eta.

Azken egunetan egoitzan jasotzen ari diren dei kopuru handia dela eta, zentrora ez deitzea eskatu zaie familiei, eta azpimarratu egin da zentroa bera izango dela haiekin harremanetan jarriko dena.

Gutxienez bost egunean behin jasoko dute deia edo bideo-deia. Era berean, egoitzako profesional bat bi egunean behin jarriko da harremanetan erreferentziazko senidearekin, telefonoz, haren egoeraren berri emateko.

Urduñako Udalaren ustez, bisitak eteteak eragin handia izan dezake erabiltzaileen eta familien ongizate emozional, fisiko eta sozialean. Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkie familia guztiei erakusten ari diren lankidetzagatik eta inplikazioagatik. Horrekin batera, edozein gertaera garrantzitsuren aurrean, jakinarazi du berehala jarriko direla harremanetan senideekin.