Albisteak

 

Lehenengo egunean Uriartek 1883. urtean argitaratu zituen koplatxoen inguruan egin genuen berba, baina hauek ez dira izan Antiguako Andra Mariri idatzi eta kantatu zitzaizkion bertso bakarrak. Bigarren batzuk existitzen dira, Juan Maria Peredak (Urduñako parrokiako abade lagunkide izan zenak) idatziriko Novena a la preciosa margarita de la ciudad de Orduña la SS. Virgen de la Antigua izenburua duen bederatziurrenean bildurik direnak. Ez dakigu noiz argitaratuko ziren lehenengo aldiz, baina dagoeneko ageri dira guk erabili dugun 4. argitaraldian, 1897. urtekoa.

Liburuxka honetan, bederatziurreneko egun bakoitzari dagozkion otoitzekin batera agertzen zaizkigu bigarren koplatxo hauek. Aurrekoak baino berriagoak dirudite, eta mirakuluez hitz egin beharrean, oraingo honetan Ama Birjinak hiriari egindako mesede eta ontarteez berba egiten dute, eta nola hiriak patroi legez goraipatzen duen. Bigarren poz hauetatik leloa “banandu” da, eta hau dugu bederatziurrenean zehar abesten den pasarte bakarra, baita gaur egunean ere:

Que eres madre del amor, Maitasun-Ama zara,
todo el mundo lo atestigua, guztiok gara lekuko
madre amada de la Antigua ama maite Antiguako
no nos niegues tu favor. mesederik ez uka.

Kasu honetan, badakigu koplatxo hauek abestu egin zirela, garai batean behintzat, elizkizunetan (ziurrenik Otxomaioetako meza nagusian) eta erritual oso bat zegoen hauei loturik: herritarrak ezagutzen dugun leloa abestu ostean, aingeruz jantzitako haurrek kantatzen zituzten koplatxook Santutegiko bankuen gainean jarrita (ziurrenik 1945. urtean izaniko Imajinaren Koroatze Kanonikoaren eta 1948. urtean Begoñako Andra Marik Urduñan egin zuen bisitaldiaren argazkietan ikusten diren janzteko berak izango dira). Umeak taldeka jarriko ziren presbiterioaren alde bietan eta bertsoak abestuko zituzten koru bitara (Kristoren Eskola Santuko anaiek Bariku Guren egunean pregoiak kantatzen dituzten legez); hau da, alde batekoek ahapaldi bat abestuko zuten eta hurrengoa besteek, eta ahapaldi bakoitza herritarrek amaituko zuten, leloaren azken bertso-lerro kantatuen bidez (“Madre amada de la Antigua, no nos niegues tu favor”). Oraingoz ez dakigu noiz arte iraungo zuen koplatxo hauek abesteko ohitura, ikusten denez, oraindik behar asko egin behar dugu batzen, galdetzen eta ikertzen.

Kuriositate moduan esan behar dugu hauek ez direla Orduñako Ama Birjina Antiguakoaren koplatxo esklusiboak: antzeko testu bat biltzen du J. Iturratek Artziniegako Arteko Andra Mariren tradizioan; nola ez, testua apur bat moldaturik dago Arteko Imajinaren historiarekin bat egiteko. Jakin izan dugunagatik, hiribildu arabarrean ere lelo herrikoia baino ez da mantendu eta kantatu, eta melodia berarekin baina letra egokituz horrela abesten dute: “Si eres madre del amor, y de paz, prenda divina, Virgen Santa de la Encina, no nos niegues tu favor.” Iturrateren liburuan ez dugu daturik aurkitu jakiteko eta koplatxo horiek non aurkitzen diren idatzita edota zein iturritatik heldu zaizkion idazleari; beraz, momentu honetan ezin dugu erabaki testu bi hauetatik zein den lehenbizikoa eta zein izan zen zeinen oinarri.

Koplatxo hauek abesteko Urduñan erabili izan zen melodia entzun gura duenak, txistuaren soinuaz entzuteko aukera du Getxa Goi txistu taldeko Facebook kontuan.