Albisteak

 

"Bitartean, Etxetik Ikasten" izenburupean, Lehen Hezkuntzako edukiak eskainiko dira ETB3n, egunero 09:00etatik 12:00etara.

Eusko Jaurlaritzak eta EiTBk bultzatuta, ikasleen hezkuntza-prozesua erraztea da ekimenaren helburua, batez ere, etxean euskarri teknologikorik ez duten haurrena.

Basurto ikastetxe publikotik burutuko dira saioak eta, 30 minutuko piluletan, maila bakoitzari dagozkion materiak landuko dira. Egunean hiru orduko eskola hauetan denetariko gaiak jorratuko dira: irakurketaren ulermena, matematikak, gizarte zientziak, musika, bitakora eta ingelesa, besteak beste.

Era berean, hezkuntza-ministerioak "Aprendemos en casa" ekimena jarri du abian RTVEko Clanen eta La 2n. 6 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eskolak etenda dauden bitartean umeak ikasten laguntzeko.

Kasu horretan, bost orduko hezkuntza-edukiak eskaintzen dira egunean, 09:00etatik 14:00ak arte, eta asteko egun bakoitzean irakasgai bat lantzen da.

Alde batetik, 6 eta 8 urteko haurrentzako ordutegia 9:00etatik 10:00etara da; 8 eta 10 urte bitarteko ikasleentzat, 10:00etatik 11:00etara; eta 10 eta 12 urte bitartekoentzat, hurrengo orduetan.

Bestalde, La 2an, 12 eta 14 urte bitarteko gazteek 12:00etatik 13:00etara ikusi ahal izango dituzte eurei bideratutako edukiak; 14 eta 16 urte bitartekoek, berriz, jarraian.