Albisteak

 

Koronabirusak herritarrei sor diezazkien arazoei aurre egiteko eta egoera ohiz kanpoko egoera dela eta, herritarren arteko laguntza sarea osatzea erabaki du Urduñako Udalak Babes Zibilarekin batera.

Egoera honetan, pertsona nagusiak, gaixo daudenak eta umeak dira babestu eta lagundu beharrekoak; horregatik, udal adierazpenen arabera “auzolanean jarduteko ordua da”.

Euren burua zailtasun larrian edo ondoren aipatzen diren egoera batean ikusten duten pertsonek eska dezakete laguntza hori 625 258 139 telefonoan:

  • Premiazko erosketak egiteko ezintasuna (botikak edo elikagaiak)
  • Ingurukoen edo zure zaintza bermatzeko ezintasun larria
  • Bestelako egoera larri batean aurkitzen bazara

Behar horiei erantzuteko, Udalak boluntario gisa aritzeko prest dauden herritarrak koordinatzea erabaki du. Elkarlana hurrengo baldintzetan egingo da:

  • Hartu eman guztietan osasun neurriak bermatuko dira
  • Erosketa guztiak herriko saltokietan egingo dira
  • Erosketen gastuak nork bere gain hartu beharko ditu

Boluntario moduan laguntzeko prest egotekotan, 625 258 139 telefonora ere deitu behar da.

Horrekin batera, Urduñako Udalak gogorarazi nahi du “ahal de heinean etxean gelditu, jende multzo handiak ekidin eta higiene neurriak jarraitu” behar dela. “Herri gisa elkar zaintzeko unea da eta auzolanean egingo dugu”, adierazi dute.