Albisteak

 

Aurten ere, Martxoak 8 ospatzeko ekitaldi ugari antolatu dira Urduñan. Emakumeen Eguna 13:30ean hasiko da hirian, zumba feministarekin. Ondoren, 14:30ak aldera, tupper bazkaria eta karaoke saioa egongo da.

Hilean zehar, hainbat erakusketa izango dira ikusgai Alondegian. Otsailaren 26tik martxoaren 5era, "Gizonak berdintasunerantz eta maskulinitate berriak" erakusketa eskainiko du Piper Txuriak elkarteak; horren aurkezpena martxoaren 14an izango da, 17:00etan. Gainera, martxoaren 7tik 13ra, olio-pinturen erakusketa egongo da, Loraldi elkartearen eskutik.

Horrez gain, hilaren 4tik 18ra, Martxoaren 8ko haurren marrazki lehiaketako obrak ikusi ahalko dira. Aurten, "Historiako emakume asmatzaileak" du ardatz eta, ohi bezala, Lehen Hezkuntzako ikasleek parte hartu dute.

Bestalde, Zinegoak Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko film laburrez gozatzeko aukera egongo da martxoaren 13an, 19:00etan.

Nagusientzat, "Emakume feministak Historian" hitzaldia egingo dute Zahar-etxean, martxoaren 2an, 17:00etan.

Bukatzeko, Antonio Molinak idatzitako Mujer Andaluza liburuaren aurkezpena hilaren 17an izango da. Ekitaldi hori Ramón Bustamante Bilboko Radio Popularreko kazetariak burutuko du.Hurrengo egunean, martxoaren 18an, "Emakume asmatzaileak" ipuin-kontaketa zein Martxoaren 8ko marrazki lehiaketaren sari banaketa egingo dira Alondegian bertan.