Albisteak

 

Urduña, Amurrio eta Laudioko udalek eta Aiarako Kuadrillak bat egin dute “Festara ere SANO,o” alkoholaren prebentzio kanpaina sustatzeko. Kanpaina hainbat jaietara joateko autobus joan-etorrietan gauzatuko da; adibidez, datorren igandeko Kilometroak jaiaren harira.

Kanpainak autobus enpresa baten publizitate zabalpena simulatzen du; “Sano Bidaiak” deitzen da eta ibilbide sanoak sustatzen ditu ongizateari eta jaiak modu osasungarrian gozatzeari lotutako mezu eta pauten bidez. Horretarako, autobuseko buru-euskarriak, bidaia-poltsak, txapak eta postalak erabiliko ditu. Mezuak adingabeei zuzenduta daude, haiengan giltzarria baita alkoholaren absentzia, eta pertsonen erantzukizunari dei egiten diote jaietako jokabide osasungarrien protagonista diren neurrian.

Alkohola jai eremuetan kontsumitzea oso zabalduta dago jendartean, eta adingabeak talde bereziki zaurgarria dira zentzu horretan. Hori dela eta, autobus joan-etorriak bide egokia dira prebentzioa sustatzeko eta alkohola kontsumitzeak dakartzan ondorio negatiboei buruzko kontzientzia sortzeko.

Ekimena igande honetan jarriko da martxan, Zarautzen ospatuko den Kilometroak jairako bidean. Gainera, asmoa da beste edozein ospakizunera zabaltzea kanpaina, erakunde sustatzaileek bultzatzen duten eta autobus joan-etorriak egongo diren ospakizunetara, hain zuzen.