Albisteak

 

EH Bilduk irabazi ditu udal hauteskundeak Urduñan hirugarren aldiz jarraian, oraingoan 1.112 herritarren babesa eskuratuta. Horri esker 11 zinegotzi posibleetatik 6 izango ditu hurrengo 4 urteetan, azken legealdian izan duen emaitza errepikatuta. Gehiengo absolutuari esker, ez du pakturik egin beharko gobernatzeko. Bigarren zerrenda bozkatuena EAJrena izan da (1.033 boto) eta, horri esker, 5 ordezkari izango ditu, orain arteko berdina. Bestetik, PSE-EE (160 boto) hirugarrena izan da, eta PP (62 boto) laugarrena. Azken bi alderdi horiek, ordea, ez dute eserlekurik lortu.

Gauzak horrela, udalbatza berria hurrengo zinegotziek osatuko dute: Itziar Biguri Ugarte (EH Bildu), Juan José San Pérez (EH Bildu) Luis Félix García Sodupe (EH Bildu), Sole Lezameta Astrain (EH Bildu), David Gutiérrez Martínez (EH Bildu), Elena Urruela Herrán (EH Bildu), Iñaki Cuadra Kintana (EAJ), Xabier Sobrón González (EAJ), Aurori Ugarte Durana (EAJ), Joserra González Iglesias (EAJ) y Jugaitz Yarritu Fuente (EAJ). Ekainaren 15ean osatuko da udalbatza berria.

Urduñan 3.275 herritar zeuden deituta bozkatzera, eta 2.453k erantzun diote deialdiari, aurrekoan baino %3,51 gehiagok. Abstentzioa, beraz, %25,10 izan da Bizkaiko hirian. Espainiako Barne Ministerioak baieztatu duenez, oraingoan 34 bozka zuri zenbatu dira, eta 52 izan dira baliogabeak.