Albisteak

 

Datorren maiatzaren 3an hasiko dira 2019ko Otxomaio jaiak, ostiralez, txupina jaurtita. Ospakizunak 10 egunez luzatuko dira, hurrengo igandera arte, hilak 12. Egun horretan, tradizioa den bezala, Bihotzaren erreketak itzaliko du festa hurrengo urtera arte. Adin eta gustu guztietarako 60tik gora ekitaldik girotuko dute herria egun horietan, bertakoen zein kanpotarren gozamenerako.

Musika eskaintza izango da, beste behin ere, jai egitarauko protagonista nagusia. Aurtengo aukera zabala eta anitza, gainera, nabarmentzekoa da. Larunbata, hilak 4, DJ gaua izango da eta bertako musikariek hartuko dute oholtza. DJ Mendi, Carrifest, Pasku DJ, MenJa DJs eta Xabigu DJ izango dira gaua girotuko dutenak 21:00etatik aurrera. 1:00etan DJ Mark Marcosek hartuko du erreleboa BAK Festa ikuskizunarekin. Igandekoa, berriz, swing erritmora dantza egiteko gaua izango da, Botxo Boogies taldeak lagunduta.

Maiatzaren 10ean, ostirala, «Punk Gaua» ospatuko da, Voltium talde urduñarrarekin batera, Birminghamdik etorritako GBH taldeak eta Ugaoko Feos Pero Majosek kontzertu indartsua eskainiko dute. Otxomaiotako bigarren larunbatean, hilak 11, Ziztada&Rlantz, Hesian eta DJ Korrrokoiek-en txanda izango da.

Azpimarratu behar da ez dela bertako elkarteen musikarik faltako. Santa Cecilia Bandak maiatzaren 4an eta 8an kontzertuak eskainiko ditu, 9an, berriz, Urduñako Oilarrak eta Getxa Goi abesbatzek kantu poteoa gidatuko dute. Otxomaio hauetan, gainera, Herri Eskolako Guraso Taldeak sortutako Tartarra batukada taldeak debutatuko du. Txupinaren ostean, hilaren 3an bertan, ia 70 laguneko talde horrek herriko kaleak erritmoz beteko ditu haien lehenengo emanaldian. Hori guztia, berrerabilitako materialez egindako musika-tresnekin gainera.

Ekitaldi aukera handia

Tradiziozko gastronomia lehiaketez, erraldoi eta buruhandiez, Antzinako Andra Mari Santutegira erromesaldiez edota herri bazkari andanez gain, aurten, lehen aldiz, western zaldiketa txapelketa egingo da. Maiatzaren 11an, larunbata, 18:00etatik aurrera Viviendas de Vizcayako zelaietan.

Jaietan Urduñatik dabiltzanek, kale antzerki eta haurrentzako emanaldiez gozatzeko aukera izango dute. Egun handian altxatuko da Urduñako oihala, maiatzaren 8an, Amurrioko Aimara Antzerki Taldeak Molièreren El enfermo imaginario lana eskainiko duenean. Bestetik, ostegunean, hilak 9, haurrek Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin dute hitzordua, Foru plazan 17:00etan. Azken antzerki emanaldia Anita Maravillas taldearen eskutik etorriko da, Sardiña bakalao lan ibiltaria eskainiko dute Foru plaza eta Gernika plaza arteko kaleetan.

Urduña Abesbatza eta Santiago txurro-denda

Jai Batzordeak ebatzi zuen Urduña Abesbatza izango dela aurtengo Otxomaio jaietako talde pregoilaria. Kultura talde horren 50. urteurrena da aurten. Bestetik, Santiago txurro-denda kudeatzen duen Barakaldoko familia izendatu dute txupinera maiatzean izango diren jaietarako. Orain dela 60 urte parte hartzen dute Otxomaioetan.

Hirugarren urtez Otxomaio Jaietako Batzordeak herri galdeketa antolatu zuen herritarrek aurkeztu ditzaten haien proposamenak 2019ko jaietako pregoilaria eta txupineroa hautatzeko. On line galdetegiaz gain, Alondegian bozkatzeko buzoia instalatu zen horretarako. Guztira jaso eta baloratu dira 155 urduñarren proposamenak erabakia hartzeko. 

 2019ko jaietako programa (PDF 7,72MB)