Albisteak

 

Garesetik (Nafarroa) abiatuko da Korrika apirilaren 4an eta bukaera jai handia 14an izango da, Gasteizen. Bi mila kilometro baino gehiago egingo ditu ekimenak euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka partaiderekin, gau eta egun gelditu gabe. Aurtengo edizioa 21. da eta "Klika" hautatu duten mezua. Urduñara hilaren 10ean iritsiko da euskararen aldeko ekintzarik garrantzitsuena eta jendetsuena den hori. Aurreikuspenaren arabera goizeko 5:05ak aldera sartuko da Barrerilla portutik eta, hiria zeharkatu ondoren, Saratxotik jarraituko du eskualdean barrena.

Korrika Kulturalari dagokionez, ekintza ugari egongo da. Apirilaren 1etik 14ra argazki erakusketa egingo dute Alondegian. 7an mendi ibilaldia egingo du Txarlazo Mendi Taldeak, 12an Korrika Txikia egingo dute ikasleek eta 13an "Izerdi-patsetan euskaraz" ekimena gauzatuko da. Goizean zehar saio egongo dira: kardiobox, yoga, zumba, pilates, etab. Bukatzeko, apirilaren 14an Gasteizera joateko autobusa irtengo da Urduñatik AEK-k antolatuta. Tiketak salgai egongo dira apirilaren 11ra arte Mugalden, Batzokian eta Lupardikan. Informazio gehiago urduna@korrika.eus-en.