Albisteak

 

Urduñako guraso talde bat lanean ari da otsailaren 10ean elkartasun jai erraldoia antolatzeko. Ataxia-telangiectasia gaixotasunaren ikerketara bideratuko dute bertan jasotako diru guztia. Artomañan bizi den eta Urduñan ikasten duen Hodeik -2 urte ditu- gaixotasun hori du. Jaia 11:00etan hasiko da Antzinako Andra Mari – Josefinos ikastetxean. Pertsona nagusiek euro 1 ordaindu beharko dute sartzeko eta, sarrerarekin, Athletic Clubeko jokalariek sinatutako kamiseta baten zozketan parte hartuko dute. Puzgarriak, haurrentzako jolasak, tailerrak, txosna zerbitzua -Urduñako saltokiek oparitutako gaiekin- eta musika emanaldiak egongo dira. Jarraian AEFAT elkartearen - ataxia telangiectasia gaixotasuna duten pertsonen senideen elkartea- aurkezpen ekitaldia egongo da. Gainera, hainbat produktuen zozketa egingo dute eta enkante bat ere egongo da. Besteak beste, eskura jarriko dute Mikel Landak sinatutako maillot bat, Eneko Atxak sinatutako amantala bat eta Unai Simon Athletikeko atezainak sinatutako kamiseta bat.

16:00etan mus txapelketari ekingo diote (izen emateak 10€). Horretan ere sari ugari izango dira, besteak beste, Asegarcek oparitutako kamisetak. Arratsaldean Mandoilteca eta Pakean Utzi Arte taldeen kontzertuak egongo dira. Horrez gain, haurtzaindegi zerbitzua egongo da haurrentzako zinemarekin.

Bestetik, eta helburu berdinarekin, otsailaren 17an Erauntsi Dantza Taldeak folk gala bi eskainiko ditu euskal musika eta dantza protagonista. 17:00etan eta 19:00etan izango dira, ikastetxean bertan ere, eta Iñaki Plaza eta beste musika talde askoren laguntza izango dute. Sarrerak (3€) Alondegian daude salgai.