Albisteak

 

Urduñako elkarte ugarik indarrak batu dituzte Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguneko egitarauan. Aurten igandea izango da azaroaren 25a, eta Foru plaza ekintzez beteko dute indarkeriaren aurkako aldarria azpimarratzeko asmoz. Haurrentzako tailerrak egongo dira goizean zehar eta 13:00etan flashmoba egingo dute Izaskun del Cerroren eskutik. 13:30ean izango da ekitaldi nagusia. Jarraian, Santa Zezilia musika bandak kontzertua eskainiko du Sociedad Coral Orduñarekin batera. Bestetik, Erauntsi Dantza Taldeak emanaldia eskainiko du Getxa Goi txistulari taldearen laguntzarekin eta, eguna bukatzeko, dantza-poteoa egingo dute hiriko tabernetatik.

Horrez gain, beste hainbat hitzordu programatu dituzte hurrengo asteetarako. Azaroaren 19an hasita, Alondegiak Unai Endemañoren 'Rock&Roses' argazki erakusketa hartuko du. Aurkezpena 21ean izango da, 19:00etan. Azaroaren 23an, berriz, arratsaldeko 18:00etan, Aiaraldeko Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren sari banaketa publikoa egingo dute Orduña Plaza hotelean. Bestetik, 'Mugi zaitez! ¡Muévete!' programaren barruan, gizartean emakume nagusiek duten garrantziaren inguruko hitzaldia eskainiko dute 60 urtetik gorakoentzat. Kanpaina osatzeko asmoz, Berdintasun Arloak Urduñako tabernetan puntu morea izango duten ezpain-zapiak banatuko ditu aurten ere. 

Egitaraua (PDF 275KB)