Albisteak

 

Urduñako Udaleko udalbatzak onartu du asteazken honetan, aho batez, hilerriko 204 horma-hobien ehorzte-eskubideen kontzesioak iraungitzea. Neurri hori hartu dute errepresio frankistaren biktimen gorpuzkiak lokalizatu, berreskuratu eta identifikatzeko lanak atzeratuko lituzkeelako hilkutxak ehorzteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak 2014an hasitako lanekin jarraitzeko asmoa dagoelako.

Hala, A faseko eskuineko 204 horma-hobien ehorzte-eskubideen kontzesioak iraungiko dira, zehazki 1 eta 108 arteko zenbakiekin markatutakoak, bi horiek barne, eta 310 eta 405 zenbakiekin markatutakoak, bi horiek barne. Ez dute baimenik izango hilkutxak bertan hobiratzeko, baina posible izango da errauts-kutxak gordetzea. Halaber, ez da kontzesio berririk baimenduko hilerriko gune horretan.

Neurri hori hartzearen arrazoia da indusketei begira hilkutxen segurtasuna bermatzeko bost urte igarotzea beharrezkoa dela eta horrek indusketa-lanak atzeratuko lituzke. Azpimarratzekoa da azken urte honetan ez dela hilkutxarik hobiratu nitxo horietan.

Erreskatea

Kontzesiodun batek hilkutxa bat hobiratzeko eskaera egiten duenean, baimenaren erreskatea gauzatuko da. Pertsona horrek kontzesio berri bat jasoko du hilerriko beste gune batean, antzeko nitxo batekin. Hartutako erabakiaren arabera, Udalak bere gain hartuko du aurreko horma-hobiko gorpuzkien leku aldatzea. Halaber, Udalak ordainduko ditu kontzesio berriak zein leku aldatzeak sortu ditzaketen gastuak. Hilarriko idazkia bezalako beste gastuak kontzesiodunak hartuko ditu bere gain. Kontzesio berriaren iraungitze data aurreko baimenarena izango da.

Herritarren babesa

Ekainaren 26an, astelehenean, Alondegiko Areto Nagusia txiki geratu zen Udalak neurri hau dagokien herritarrentzat antolatutako informazio saiorako. Idoia Aginako, Urduñako alkatea, Joseba Egiguren, Oroimen Historikoko arduraduna eta Carlos Arranz, alkate ohia eta Urduña 1936 elkarteko kideak, eskaini zuten hitzaldia. Ondoren, familiek zalantzak eta galderak planteatzeko aukera izan zuten. Urduñako herritargoa neurriaren alde agertu zen eta positiboki baloratu zuten herri mailan lan egitea Oroimen Historikoaren alde.