Albisteak

 
Urduñako Udalak aurtengo aurrekontuen hasierako onarpena babestu zuen atzoko ezohiko udalbatzan. Udalak aurrera atera zuen 4.267.500 euroko aurrekontua, EH Bilduko aldeko bozkekin. EAJ-PNVk kontra bozkatu zuen.
Balorazio positiboa
Udalaren hasirako egoera “hobetu bada ere, kezkagarria izaten jarraitzen du” zorra dela eta eta “diru-sarrerak, diru-laguntzak, geroz eta gutxiago dira eta gastu edo beharrak ez dira murrizten”. Horregatik, “kanpo faktoreekiko dugun dependentzia kontuan hartuta diseinatu dira aurrekontuak” eta “zuhurki”, izan ere, “Udalak autofinantzatzeko duen oso eskasa da”. Egoera zaila izan arren, “urtero-urtero gauzak egiten dira eta herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak mantentzen dira”, halaber, “lanak ondo burutzen ez direnean erantzukizunak eskatzen dira”. Ondorioa da, beraz, “gastuaren kudeaketa egokia” egiten dela.
Zorra
2016ko abenduaren 31an, 1.441.011,75 eurokoa da Urduñako Udalak ordaintzeke duen zorra, 2004 eta 2005ean BBKtik jasotako maileguengatik. Urduñederrak 1.973.864,74 euroko zorra dauka, 2005 eta 2007 urteetan BBK eta La Caixatik, urrenez urren, jasotako maileguengatik. 2016. urtean 399.167,45 euroko mailegua jaso zuen Udalak IDAEtik argiztapena berritzeko. 10 urteko epean ordaintzeko beharra dago baina lehenengo urtean salbuetsita dago.
Sarrerak
Gaur egun Udalak dituen diru-sarrerak hainbat bidetik datoz: zuzeneko zergak (807.695,00€), zerga ez-zuzenak (75.000,00€), tasak (559.643,00€), diru-laguntzak (2.677.112,00€), ondare sarrerak (93.100,00€), kapital transferentziak (31.950,00€) eta hirigune ustiapenak (23.000,00€)
Gastuak, arloz arlo
Ogasuna eta barne erregimenari dagokion gastua totalaren %38,97a izango da, ongizate arloak aurrekontuaren %17,83a, hirigintza eta ingurumenari dagokion gastua %16,38 izatea aurreikusi du Udalak. Kultur edo kirol ekintzak, euskara, edo hezkuntzarako aurrekontuaren %10,70a bideratuko du Urduñak, sustapen ekonomikora %9,65a eta beste lan eta zerbitzu batzuetara %6,47a.
Partehartzea
Maiatzaren 22an Alondegian izan zen aurrekontuak azaltzeko biltzarra izan zen. Saio horretan udal-aurrekontua zer den azaldu zuten, nola egiten den eta zalantzak argitzeko aukera egon zen. Parte-hartzea oso handia izan ez bazen ere, Udaletik pozik daude, izan ere, “kontuak beti gardenak eta ulertzeko errazak izan behar dira herritarrentzat, dirua guztiona delako”. “Informatuta egoteko eta parte-hartzeko eskubidea ezin da ukatu”. Horregatik guztiagatik, hurrengo urteei begira parte-hartzean lan egiten jarraitzeko asmoa du tokiko Gobernuak eta herritargoa parte hartzeko gonbita luzatu nahi die, haien ideia, zalantza eta kritikekin.

2017ko Udal Aurrekontuak kontsultatu (PDF 118KB)