Albisteak

 

Zortzi ikerlariz osatutako talde batek, Xurxo Ayán doktorearen eta Josu Santamarinaren (UPV-EHU) zuzendaritzapean, Gerra Zibileko euskal frontea ikertzeari ekingo dio aurten ere San Pedro Beratza mendian, Amurrio eta Urduña artean. Maiatzaren 15etik aurrera, talde honek analisi, dokumentazio eta balio-hartze lan integralari ekingo dio gerra-posizioetan, 2016ko urria-azaroko lanak berrartuz.

Iazko kanpainako lanen erdiguneetako bat zementuzko gotorleku bat izan zen, zeinetan 1937ko maiatzean San Pedroko Guduan errepublikarrek aurkeztutako erresistentzia latza antzematen zen. Hainbat zundaketa egin zituzten lubakietan eta material kopuru nabarmena ikertu zen (200 balazorro baino gehiago, metraila zatiak, baita eguneroko objektu arruntak ere, besteak beste, kartutxera baten belarria, beirazko kopak edota latak).

Gerra Zibilaz 80 urte pasa ostean, UPV-EHUko talde arkeologikoak dokumentazio lanak burutzeari ekingo dio, hainbat entitateen babesarekin: Amurrio eta Urduñako Udalak, Lezama eta Arrastariako kontzejuak eta Aztarna elkarte etnografikoa, besteak beste. Aurten defentsa-sistema errepublikarra osatzen duten egitura guztien irakurketa topografikoa egingo da: lubakiak, zementuzko gotorlekuak, babeslekuak, tiro egiteko postuak eta 40 metro luzera duen galeria ere. “Horrela, Euskal Herrian hobekien kontserbatu izan den Gerra Zibileko gudu-zelaietako baten gaineko ikuspegi orokorra izatea lortuko da”, ikerketa taldeak adierazitakoa.

Topografia eta indusketa-lanekin batera, sortutako ezagutza denbora errealean gizartaratzeko programa intentsiboa martxan jarriko da. Barferentziak eta hitzaldiak antolatuko dira Amurrion eta Urduñan, baita Arrastaria eta Lezamako auzokideekin auzolandegia ere San Pedro mendiko ermita zaharraren hondakinetan, defentsa-gunea osatu baitzuen 1936-37an.

Ate irekien jardunaldiak

Maiatzaren 27an, larunbatean, San Pedroren gaineko ofentsiba frankistaren 80. urteurrenean, ate irekien jardunaldia antolatuko da, lan arkeologikoak gertutik ezagutarazteko. Gainera, lubakietan bizi eta heriotzari buruzko eszenak berreraikiko dira, Lubakikoak errekreazio historikoko taldearen eskutik.