Albisteak

 

Urduñako Udalak aurreko astean egin zuen Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) zenbatekoa erabakitzeko herritarren Asanblada Alondegian. Bozketaren ondoren, 2017tik aurrera ordaindu beharrezko Tasa Orokorra %0,2020koa izango da.

Udal teknikariek eta gobernu taldea aurrez azterketa egin ondoren eta Foru Aldundiak ezarritako kanonen baitan, hiru proposamen aurkeztu zizkien Gobernu Taldeak urduñarrei: %0,2020, %0,2050 edo %0,2100. Bileran aukera bakoitzak suposatzen zuen kopurua azaldu zuten, eta ondoren, herritarren bozketa bidez erabaki zen OHZren zenbatekoa.

Hitza eta erabakia

Udalak oso positiboki baloratu du herritarren parte hartzea, baita asanbladan biztanleek ordaindu beharreko zergaren zenbatekoa erabakitzeko emandako pausoa ere. Gainera, ildo beretik jarraitzeko konpromisoa azaldu du: “Udalean argi dugu hori dela bidea, Urduñari hitza eta erabakia ematea”.