Albisteak

 

Festak irailaren 2an abiatuko dira, 19:30ean, Asturiaseko "El Trasno" gaita bandaren kalejirarekin. Jarraian, 21:00etan,  kontzertua eskainiko dute Foru plazan. 22:30ean hasiko da laugarren Urdufolk txapelketako finala, zeinetan Iparfolk (Euskal Herria) eta Brán the blessed (Salamanka) bezalako taldeak entzuteko aukera egongo den.

Irailaren 3an, larunbatean, XVII. Marmitako txapelketa izango da protagonista, 9:00etan hasiko baita Foru plazan. Gainera, partaideek bertan bazkaltzeko mahaiak eskatu ahalko dituzte. Horretarako aski izango da antolatzaileei egunean bertan abisatuta. Haurrek, berriz, jolas parkeaz gozatzeko aukera izango dute 11:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 18:00etara. Besteak beste, gaztelu puzgarriak eta apar festa egongo dira. Eguraldi txarra egingo balu ekintza hau Josefinoen jolastokira mugituko da. Jai-Alai frontoian eskupilota partidak egongo dira 18:00etaan. Horrez gain, 19:00etan, Goloka taldeak "Piratak" ikuskizuna eskainiko du Gernika plazan. Bolatokian, berriz, XVIII. Koroatze Bolo txapelketa jokatuko da, 19:00etan hasi eta igandean 11:00etatik aurrera jarraituko duena. Urdufolk jaialdiaren baitan, ordea, Besarabia (Valentzia) Eta Antonio LIzana (Andaluzia) izango dira oholtzaratuko diren artistak.

Festak igandean bukatuko dira. Antzinako santutegiko mezaren ondotik, Bihotza Konpartsak IX.Erraldoi eta buruhandien alarde dantza egingo du Foru plazan. Halaber, taldearen 15.urtemugaren baitan, familiei jaietako pertsonaiekin argazkiak ateratzeko aukera luzatuko diete. Beste ekintza berezi bat Euskal kanten hirugarren topaketa izango da. Hala, Santa Zezilia musika bandarekin arituko diren taldeak  Los Arlotes (Laudio), Atxaspe-Babcock (Sestao eta Sopuerta) eta Urduñako Oilarrak (Urduña) izango dira. 19:30ean, aldiz, herri kirolen erakustaldia egongo da Foru plazan.

Ikusi kartela (PDF 1,67MB)