Albisteak

 

Arbietoko kirol eremuak Euskadi-Sextuple txakurren Agility txapelketaren lekuko izango dira abuztuaren 19tik 24ra. Guztira, 300 partaide baino gehiago egongo dira jarduera garatzeko egokitutako gunean. Lehiaketako eremua futbol zelaia izango da, baina bertako aisialdi gunea ere erabliko da, zelaietan bertako produktuak ezagutzera emateko karpak eta barbakoa egongo baitira, besteak beste.

Agility

Agilitya txakurrekin egiten den kirol bat da, zeinetan aurrez ezagutu gabeko zirkuitu bat osatu behar duten ahalik eta denbora gutxienean haien gidarien laguntzaz. Ibilbidean, baina, hainbat oztopo gainditu behar dituzte, tunelak edo barrerak kasu.

Txapelketaren xehetasunak

Antolatzaileen arabera 330 txakur baino gehiagok eman dute izena proban. Epaile lanak egitera, aldiz, nazioarteko 5 aditu etorriko dira. Lehiaketak 6 egun iraungo ditu, eta 3 pista erabiliko dira, horietako bat, beroketak egiteko. Ikuskizunaz gozatzera hurbiltzen diren ikusle guztientzat, gainera, bertako produktuak dastatzeko aukera egongo da karpetan.

Lehiaketa saio guztiak goizetan egongo dira, baina 21ean eta 23an erakustaldi bereziak egingo dituzte 18:00etatik aurrera. Sarrera librea eta doakoa da.

Jende ugari bertaratzea espero denez Urduñan gune ezberdinak prestatu dituzte autokarabanentzako (San Francisco auzoa), kanping dendentzako (Nafarroa kaleko zelaia), akanpatzeko (laguna) edo dutxatzeko (frontoia). Informazio gehiago eskuratzeko Facebookeko Sextuple de Euskadi 2016 orria edo www.euskadisextuple.com webgunea bisita liteke.

Ikusi programazioa (PDF 106KB)