Albisteak

 
Urduñako udalak Otxandioko udalak uztailaren 23an antolatutako ekitaldian parte hartu zuen, memoria historikoa berreskuratu eta frankismoa salatzeko. Izan ere, Otxandio 1936ko uztailak 22an bonbardeatu zuten Urduñako Angel Salas Larrazabal jeneral eta piloto militarraren aginduz. Sarraskiak 60 hildako utzi zituen, gehienak zibiliak eta adingabeak. Idoia Aginako alkateak Urduña ordezkatu zuen ekitaldian, uztaileko udalbatzan EH Bildu eta EAJk onartutako Adierazpen Insittuzionalaren berri emanez, zeinetan Urduñak frankistei aitortutako titulu guztiak baliogabetu zituzten, horien artean, Angel Salas Larrazabal eta Francisco Franco Behamonterena.

Alkatearen diskurtsoa

Eguerdion guztioi, eta eskerrik asko Urtzi Armendarizi eta Otxandio herriari, gaur zuokin izateko aukera emateagatik. Orain laurogei urte urduñar bat Otxandiora etorri zen, hegazkinez. Herriko umeek paperak edo gozokiak botako zituela uste izan zuten. Baina paperak bota beharrean, bonbak bota zizkien. Nik baino hobeto dakizue historia hori. Eta ondorioak ere bai. Gertaera hartan bizia galdu zuten pertsonei eta euren familiei gure oroimen maitekorrena eta ohore zinezkoena eskaini nahi dizkiegu. Denbora asko pasa da harrezgeroztik, baina espero dut beranduegi ez izatea.

Gaur beste urduñar bat datorkizue Otxandiora, ni¬neu, alkatea naizen aldetik eta hiriaren izenean. Ez dut gozokirik ekarri, baina paperak bai, albiste onez beteriko paperak, gainera. Urduñan badaramatzagu urte batzuk oroimen historikoaren alde lan egiten eta hau azken harri koskorra dugu. Joan den uztailaren hamaikan Urduñako Udalbatzak (EH Bilduk eta EAJ¬k osatua) aho batez onartu duen adierazpen instituzionala da.

Frankismo garai luze bezain ilunean hartu ziren hainbat akordio balio barik utzi dituen erabakiaren agiria. Akordio horien artean Urduñako Udalak Angel Salas Larrazabali eman zizkionak daude. Urduñak seme kuttun izendatu zuen zuon herria bonbardatu zuena; urte batzuk geroago hiriko aginte makila eman zion, eta hori guztia gutxi balitz, hiriko urrezko domina ere jaso zuen.

Beraz, sufrimendu itzela sortarazi zizuten pilotuari Urduñak eman zizkion ohore guztiak balio barik geratu direla esatera natorkizue. Argi dago, Urduñak ez zuela inolako ardurarik eduki Otxandioko bonbardaketan, baina bai ohore horiek ematean, ordea. Hori dela eta, Urduñaren izenean, barkamena eskatzen dizuet. Barkatu, mesedez, ohorerik merezi izan ez zuen urduñar baten izena goraipatzeagatik. Gure ustez, ohore bat izatetik urrun, lotsa gorria da.

Agerian dago ezin dugula historia aldatu, baina historia egin, bai. Iraganean gertatu zena jakiteak etorkizun hobea eraikitzen lagunduko digu, eta gaur, hau bezalako ekitaldiekin historia egiten ari gara, atzoko zuon malkoak laster irribarre bihurtu daitezen.

Milesker Otxandio, besarkada zintzo bat, eta segi aurrera!