Albisteak

 

Astelehenetik ostiralera ekitaldi ugari egongo dira Urduñan Jalgi ekimenaren baitan. Astelehenean, esaterako, Eider Eibarrekin arte plastikoen inguruko tailerra izango da Herri Ikastetxean 12:00etan. Asteartean, berriz, "Laburbira" izango da nagusi, zazpi film labur proiektatuko direlarik. Horrez gain, Alondegian hainbat sortzaile egongo dira.

Asteazkenean, berriz, Hala Dzipo eskolako kontzertu didaktikoa jasoko du Herri eskolak. 19:00etan, aldiz, Berri Txarrak taldeko Galder Izagirrek "Bateria baten kolpeak" emanaldia eskainiko du, hots, tailer-erakustaldia.

Ostegunean literaturaren txanda izango da, Mikel Ayllon laudioko idazleak eta Igor Arzuaga musikariak "Mara feat milay" ikuskizuna aurkeztuko baitute gaztetxean. 19:00etan izango da emanaldia.

Ostiralean bukatuko dira Urduñako Jalgiko ekitaldiak, Xabi Solano Esne Beltza taldeko abeslariaren elkarrizketa musikatuarekin. Iluntzean, hiriko kaleetatik Izar Mendiguren eta Miren Amurizarekin bertsopoteoa egongo da.

Dinamikari amaiera emateko larunbatean, maiatzak 28an JALGI EGUNA egingo dute Laudion. Goizetik hasita hainbat ikuskizun egongo dira. Besteak beste, Porrotxek, Gorka Urbizuk, Hesianek eta Anarik hartuko dute parte.

Informazio guztia www.jalgika.eus webgunean dago.

Kartela (PDF 332KB)