Albisteak

 

Urduñako udalak Adinekoen Egoitzako egungo tutu sarea berrituko du legionelosiaren prebentzio eta kontrolerako garbitasun eta osasun irizpideei jarraiki. Idoia Aginako alkateak adierazi duenez, ez dago inolako legionela broterik. Apirilaren 1ean Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko inspekzioak Instalazioetan legionelosiaren kontrol eta prebentzio plana betetzen ari dela baieztatu zuen. Baita 2012tik legionella arriskua gutxitzeko prebentzio neurriak martxan daudela ere: purgatze maiztasunaren areagotzea, dutxetako buruen aldaketak, eta abar.

Izan ere, urteen poderioz, eraikina aintzinakoa delako, kaltetu egin dira tutuak: “Azpiegiturari dagokionez soluzio bakarra ur sare hotza giza kontsumorako eta beroa osasunerako erabiltzea da”. Haatik, 2014tik prebentzio neurri gisa garbiketa eta eraikinaren desinfektatze maiztasuna handitu egin da, egoitzaren antzinatasunagatik bi hilero egiten delarik legionellaren kontrola.

Egoeraren aurrean Osasun Publikoaren Sailak eraikinean hainbat hobekuntza egiteko beharra azpimarratu zuen araudiak eskatzen dituen irizpide higieniko eta sanitarioak betetzen jarraitzeko. Hori dela eta, Urduñako Udalak, eraikinaren jabeak, egoitza berritzeko proiektua diseinatu eta abiatu du. Hilabete honetan, hots, apirilean aterako du obra lizitaziora, eta ekainerako azpiegitura arazoak konponduta egongo dira. Horretarako 160.000 euroko inbertsioa egingo du Udalak.

Edozelan ere Urduñako udalak gardentasunez aritzeko eta herritarrak informatuta izateko konpromisoa berretsi du. Atzo, ostegunez, Edadetuen Egoitzako langileekin bildu zen udala egoeraren berri emateko, epe oso motzean egingo diren ekintzak jakinaraziz. Ildo beretik, gaur, ostirala, familiekin harremanetan jarriko da egoitzako zuzendaritza egingo diren obrak aipatzeko.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintza Sozialeko arloari ere egoeraren berri eman dio udalak, haren inspekzio eta kontrol zerbitzuari hain zuzen, egingo diren jarduerak koordinatzeko helburuarekin. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiarekin bildu da Udala neurri honetako inbertsioaren finantzaketaz aritzeko, Urduñakoa bezalako udal batentzat ahalegin pisutsua baita.