Albisteak

 

Urduñako udalak gezurtatu egin du El Correo egunkarian atzo argitaratutako albistea, "Urduñak ez du zezenketen apustua berrituko". Idoia Aginako alkateak azaldu du "guztiz okerra" dela El Correo egunkarian plazaratutako berria, bera ez baizen zezen klubekoekin bildu, jaietako zinegotzia eta udal teknikaria baizik. Haatik, alkateak albisteak bere irudia kaltetzen duela iritzita hedabide eta kazetari horren aurrean neurri legalak planteatuko dituela erantsi du.

Udala eta Otxomaio zezen elkartearen arteko bilera

Eriz Perez jaietako zinegotziak azaldu duenez, Otxomaio zezen elkarteko hainbat kiderekin eta kultur teknikariarekin bilera bat egin zen iragan astean. Bertan, gainontzeko taldeei bezala jarduerak antolatzeko 6.000 euroko diru-laguntza mantentzeko asmoa jakinarazi zieten udal ordezkariek zezen elkartekoei. Alabaina, festetako ekitaldia aurrera eramateko proposamena Jai Batzordean aurkeztu beharko dute, bertan onartzen diren ekitaldien aldeko apustua egingo duelako soilik udalak.